XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ezkilak txapazkoak bailiran, brontzearen durundi dotorerik gabe.

Ordu laurden inguru falta zen Flora etxean azaltzeko, eta azaltzean, han aurki nintzan nahi nuen, salan, besoak gurutzatuta eseria, beste zereginik gabe, arratsalde osoa postura hartan pasatu nuela pentsa zezan.

Bioletak nire urduritasuna sumatu zuela zirudien, eskuan txalo bat eman eta airean utzi baitzidan.

Ale, zoaz esan zuen.

Ez nintzen mugitu, baina berriro ere ale, zoaz esan zidan, eta benetan nik alde egitea nahi zuela iruditu zitzaidan, bidali egiten ninduela, alegia.

Eta zu?, galdetu nion.

Nik hemen geratu behar dut, eta ibaira begiratu zuen.

Ez dakit zer eman zidan alde egiteak, baina begien berdea hoztu egiten zitzaiola iruditu zitzaidan, itsasoan izotza urtzen denean bezala.

Beraz, atzera egin nuen, elkar ikusiko genuela esan ondoren.

Ikusiko gara esan nuen, eta intentzioz, pausa baten ondoren, espero dut behintzat eta hark, bai, noski erantzun zidan, garrantzia kentzeko, eskua airean astintzen zuela.

Justu etxera heldu, pantuflak jantzi, eta sofan esertzeko denbora eman zidan Flora atean sumatu nuenerako.

Giltzak sarrerako altzarian utzi zituen, kaobazko gaina duenean.

Nik nireak han uzten nituenean, errieta egiten zidan, marratu egiten nuela eta.

Arropa aldatu bitartean, kadentzia beroa zuen